Beste jarduerak

Ez dio axola scener bat zaren, gamer bat zaren, modding-a gustuko duzun, beti lekuz kanpo zauden... Atal hau zurea ere bada! Gauza bakarra eskatzen dizugu: utzi lotsa alde batera.

  • Zinema-triviala
  • Etxeraldian ere sortzaile
  • Kontakizunak eta irakurketa
  • Marrazketa analogikoa
  • Eztabaida absurdo-frikiaren liga

 

 Zinema-triviala

Edizio berezi honetan..., desberdina izango da zinema-triviala. Intranet bidez egin ordez, Twitter bidez egingo dugu. Erne egon ostiralean, 12etatik aurrera; hainbat eszena argitaratuko ditugu pixkanaka, eta zer filmi dagozkien asmatu beharko duzue. Beraz, egon adi, eta jarraitu Euskal Encounterren kontu ofizialari ( https://twitter.com/euskalencounter ) gertu-gertutik jarraitzeko guztiari.

 

 Etxeraldian ere sortzaile

Aurtengo #Ge14-an filmetako zenbait eszena mitiko antzezteko eskatuko dizugu..., baina, jakina, etxean egoteak dakartzan mugak kontuan hartuta. Jarraitu gertutik gure Instagrameko eta Twitterreko kontuei; izan ere, Twitterren jarriko dugu martxan, eta han argitaratu beharko duzue.

 

 Kontakizunak eta irakurketa

Ezin zara atera kalera, baina horrek ez du esan nahi ezin duzunik hegan egin irudimenarekin. Eta elkartzerik ez badugu ere, berdin-berdin konta diezazkiokegu istorioak elkarri, basoaren erdian bageunde bezala, suaren inguruan bilduta. 

Ostiraleko eguerdiko 12etan emango zaizue gaia, eta 21etan hasiko gara irakurtzen discordean. Animatuko zara parte hartzera?

 

 Marrazketa analogikoa

Ezin emango dugu egun osoa ordenagailuarekin lanean! Erakutsiko diguzu zeinen trebea zaren paperean marrazten? Gai bat jarriko dizugu, eta zuk bidali gero argazki bat gai horretan oinarrituz egin duzun marrazkiarekin.

 

 Eztabaida absurdo-frikiaren liga

Urte asko dira Euskal Encounterreko zenbait partaide eztabaidako unibertsitate-klubetan gaudela... Dagoeneko zahartu egin garenez, orain epaile eta formatzaile gara... bai, bai, AEBko telesailetako klub horietan bezala, bi talde gai baten alde edo kontra eztabaidatzen aritzen diren horietan bezala. Eta lortu dugu azkenean! Gipuzkoa Encounterreko 3. eztabaida-liga MARTXOAREN 28AN egingo da, LAUNBATarekin, OPENGU...ai, ez, DISCORDen! Eztabaidak hamar minutu eta ordu-erdi bitartekoak izango dira, eta bi modutara parte har daiteke: binaka, bikoteak ausaz hautatuta, edo BAKARKA. Irabazleei beren Steam erabiltzailea eskatuko zaie saria jasotzeko, eta erabiltzaile hori saria jasotzeko bakarrik erabili ahal izango da. Bidalketa hori IRENE MIREN GARCIA txapelketaren antolatzailearen STEAM erabiltzaileak egingo du. Beraz, irabazleak antolatzailearen mezu bat jasoko du zuzenean.

EZTABAIDAKO GAIAK
Eztabaidako gaiak beti izango dira txoroak eta zentzugabeak. Zerrenda bat izango da, eta intranetean eta foroan kontsultatu ahal izango duzue. Hiru gaitik bat aterako da zozketa eginda, eta hautatu gabe geratzen den bi gaietako bat izango da finaleko gaia. Bi jarrera kontrajarri hartzeko aukera emango duen galdera edo baieztapen bat izango da gaia. Bi taldeek 10 minutu izango dituzte beren jarrerak prestatzeko, zeinak eztabaida hasi baino minutu bat lehenago zozkatuko baitira (hau da, aldeko jarrera eta kontrakoa prestatu behar dira).

LEHIAKETAREN PROZEDURA
Aurretiko fasea eta Azken fasea ditu lehiaketak, eta 4 bikotek hartuko dute parte.
Aurretiko fasea: 4 bikote, bata bestearen kontra, 1 vs 1.
Aurretiko fasea irabazten duten bikoteak gurutzatuta egingo da Azken fasea.

Kalifikazio-irizpideak:

Eztabaidaren ostean eta deliberazio-denbora baten ostean, epaileek talde bat izendatuko dute irabazle. Epailearen aktan 0tik 10erako puntuazio bat jarriko da eztabaida baloratzeko (ez taldeak baloratzeko). 

1.‐ Argudiaketa: prestaketa, argudioen egitura, argudio argia, koherentea eta jarraitua izatea eztabaidan, aukeratutako argudioa defendatzea, ezeztatzea eta aurkakoaren argudioen kontra arrazoitzea.

2.‐ Oratoria: eztabaidaren egitura, argitasuna, hizkuntza argia erabiltzea, isilaldi, erritmo eta tonuen erabilera, bokalizazioa.

3.‐ Hitz gabeko hizkuntza: lekua menderatzea, eskuen erabilera, aurpegiaren adierazkortasuna, begi-kontaktua publikoarekin/epaileekin, eszenaratzea.

4.‐ Gutxienekoak eta gehigarriak: errespetua, puntualtasuna, ordena, kanpo-elementuak (bizigabeak) erabiltzea —objektuak, adibideak, istorioak…—, talde-lanaren irudia. 

5. Tonua: Kideek eztabaidaren amaieran duten sendotasuna eta neurritasuna funtsezkoak dira erabaki zuhur eta justu bat hartzeko.

Epaile bakoitzaren erabakiak eta emaitzak Lehiaketa Batzordean errekurritu ahal izango dira modu arrazoituan. Batzordeak konpromisoa hartzen du erantzun ondo arrazoitu bat emateko. 

Eztabaidarako prozedura:

Aldeko jarrerak hasiko du eztabaida, eta hauek izango dira txandak: 
∙ Aldekoa. Jarduna: 3 minutu.
∙ Kontrakoa. Jarduna: 3 minutu. 
∙ Aldekoa. Ezeztatzea: 2 minutu. 
∙ Kontrakoa. Ezeztatzea: 2 minutu.
∙ Kontrakoa. Ondorioak: 2 minutu. 
∙ Aldekoa. Ondorioak: 2 minutu. 

Interpelazioak: Jardunetan, hitz egiten ari ez den edozein partaidek izango du aukera eskua jaso eta aurkako taldeko hizlariari erantzuteko, oharrak, galderak edo iruzkinak egiteko. Ondorioetan, aldiz, ezingo da interpelaziorik egin. Hizlariak askatasuna izango du besteei hitza emateko, eta haiei erantzuteko, nahi izanez gero.

Miren Garcíaren ideia

twitter facebook flickr youtube instagram twitch