Gipuzkoa Encounter birtualak 1800 pertsona elkartu ditu online dagoeneko

  • Antolatzaileak oso pozik daude ekimenak izandako harrerarekin, 1800 pertsona baino gehiago batu baitira festara: izena eman duten 456 lagunez gain, beste 1400 pertsona hurbildu dira sarrera libreko Opengune kanalera
  • Euskaltel Fundazioak antolatutako online partyak Tolosako topaketa presentzialerako aurreikusita zeuden arlo berak hartzen ditu barne, kafetegia, spa, jangela, akreditazioen gunea eta logela barne. Parte-hartze handia dago proposatutako ekintza eta lehiaketetan, eta elkarlan giroa da nagusi
  • Egitasmoaren 14. edizioak, ‘GE14: Geratu Etxean Edition’ izenburupean, konfinamendu-egoerara egokitu du bere formatua. Jarduera guztiak birtualak dira eta bai partaide bai antolatzaileak norbere etxean daude. Horrelako bilkura baten aurrekaririk ez dago
  • Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin

Gipuzkoa Encounter arrakasta handiz gauzatzen ari da. Aurrekaririk gabeko bilkura birtualak 1800 teknologia zaletik gora elkartu ditu dagoeneko, Covid-19 pandemiak eragindako isolamenduari aurre egiteko helburuarekin. Hartu-eman bizian dabiltza 456 parte-hartzaileak, kanal ezberdinak eta topaketako guneak bisitatuz, gainontzeko erabiltzaileekin interakzioan, lehiaketetan izena emanez edota hitzaldi eta tailerretan parte hartuz. Gainera, beste 1400 pertsona inguru ere hurbildu dira Opengune kanalera, sarrera libreko gunera.

Euskaltel Fundazioak antolatutako ‘GE14: Geratu Etxean Edition’ online partyak ekimen presentzialerako aurreikusita zeuden jarduera-arlo berak sortu ditu, kafetegia, spa, jangela, akreditazioen gunea eta logela barne. Tolosako bilkuran izena eman zuten pertsonentzat doan sortutako ekimena da, topaketa presentziala bertan behera geratzearen ordain gisa. Sarreren dirua ere itzuli zitzaien partaideei.

Ekimen birtuala errealitate bihurtzeko, hiru gune nagusi jarri ditu martxan antolakuntzak. Lehena, Discord izeneko plataforma sozialean sortuak, “areto” birtualak ditu, gaika antolatuta, eta parte-hartzaileen arteko elkarrizketa ahalbidetzen du arte digital, software libre, hardware eta bideo-joko arloen inguruan. Aisialdira bideratutako kanal ugari ere badaude. Gainera, Encounter sareko topaketetako lehiaketak kudeatzeko sortutako erreminta, PartyNet deritzona, Internet bidez % 100ean erabiltzeko egokitua izan da. Horrez gain, ekimenaren jarraipena egingo duen programa doan ikusi ahal izango dira Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez: https://www.twitch.tv/euskalencounter/.

Publikoari irekitako gunea
Festatik kanpo gelditu direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, hitzaldiak doan eskainiko baitira. Discord plataforman altan eman eta Opengune kanala bisitatu besterik ez da egin behar. Twitcheko kanala ere irekia da, eta bihar eskainiko dira jardunaldiko hitzaldi nagusiak. Jarduerak larunbat gauerdira arte gauzatuko dira, eta Euskal Encounterreko sare sozialen nahiz www.gipuzkoaencounter.org webgunearen bitartez ezagutaraziko dira.

Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.

Antolatzailea

Euskaltel Konekta
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch