- edizioaren formatua moldatu dute konfinamendu-aldira egokitzeko, eta 1.800 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu; izan ere, izena eman duten 456 pertsonez gain, beste 1.400 pertsona konektatu dira sarbide librea zuen Opengune kanalera
- Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendariak, uste du erabilitako aukera teknikoak irtenbide sendoa direla. Horregatik adierazi du ekimen honek erreferentzia gisa balio duela nazioartean, isolamendu garaian topaketa birtual anitzak egin ahal izateko
- Euskaltel Fundazioak antolatutako party birtualean, arte digitalarekin, hardwarearekin, software librearekin eta jokoekin lotutako jarduerak eta lehiaketak egin dira. Halaber, hitzaldiak eta publiko orokorrarentzako jarduera irekiak eskaini dira
- Online plataformetan sortutako atalek aurrez aurreko topaketarako aurreikusitako jarduera-eremu eta espazio berak islatu dituzte; hala nola kafetegia, spa, jantokia, akreditazio-gunea eta logela
Gipuzkoa Encounterren antolakuntzak martxoaren 26tik 28ra egin den ekimen birtualak “erabateko arrakasta” izan duela dio. Alde batetik, parte-hartze aurreikuspena gainditu da, izena eman duten 456 parte-hartzaileez gain, beste 1.400 pertsona konektatu baitira Opengune kanalera. Kanal horrek sarrera librea zuen eta programatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko aukera ematen zuen. Gainera, ezarritako soluzio teknikoaren sendotasunak eta parte-hartzaileen arteko hartu-emanak emaitza ona lortzen lagundu dute.
Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendaria eta ekitaldiaren antolatzaile nagusia, oso pozik agertu da Covid-19ak eragindako konfinamenduari aurre eginez aurrekaririk gabeko erronka teknologiko bat gainditu dutelako. Party presentziala bertan behera utzi ondoren, lau egun eskasean, topaketaren erreplika birtuala antolatzeko aukerak aztertu zituzten, jarduera-eremu berberekin eta aurreikusitako 456 plazekin. Horrela, parte-hartzaile, antolatzaile zein hizlariak beren etxeetatik hartu dute parte, eta, Euskaltel Fundazioak egindako ekarpenari esker, ekimena doakoa izan da.
San Vicentek adierazi du erabilitako aukera teknikoak irtenbide sendoa direla eta Gipuzkoa Encounter birtualak erreferentzia gisa balio duela nazioartean, isolamendu garaian topaketa birtual anitzak egin ahal izateko. Parte-hartzaileen erantzuna ere nabarmendu du, aurrekaririk ez zuen ekitaldi honekin bat egiteko zalantzarik ez baitute izan. Asebetetze-inkesten lehen balorazioek egiaztatzen dute parte-hartzaileen ehuneko handi batek oso positibotzat jotzen duela lanpartya.
Bilkura birtualean sortutako giroa ere nabarmendu dute antolatzaileek; izan ere, proposatutako jarduera guztietan izandako parte-hartze altuak eta hartu-emanak isolamenduari aurre egiten lagundu dute.
Azkenik, Sabino San Vicentek antolakuntzaren lan bikaina eskertu du, modu altruistan party birtuala aktibatzen lagundu baitu denbora errekorrean. Gainera, programatutako dozenaka ekintzak garatze aldera, parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko egin behar izan duten ahalegin gehigarria ere azpimarratu du Euskaltel Fundazioaren arduradunak.
Funtzionamendu sistema
Parte-hartzaileek partyaren arlo anitzetan parte hartu ahal izan dute etxetik, Discord bezalako plataformaren bidez, eta bertan gaika bereizitako "areto birtualak" aurkitu dituzte; hala nola arte digitala, software librea, hardwarea eta jokoak. Antolakuntzak lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duen sistema propioa, partyNet izenekoa, ere egokitu du, bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko.
Era berean, gune irekia prestatu da partytik kanpo gelditu direnentzat, online eskainitako prestakuntza-hitzaldiak entzun ahal izateko. Horrez gain, ekimenaren jarraipena egiten zuen programa ere doan ikusi ahal izan dute Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez. Beti sareko trafiko handieneko orduetan gauzatu diren emisioek audientzia eta interakzio aldetik arrakasta handia izan dute.
Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.